Mirimappeko jarduerak bi bloke bereizitan daude banatuta: batetik, irakasleei mapaketari buruzko prestakuntza emateko jarduerak; eta, bestetik, ikasleekin mapaketa bera egiteko jarduerak.

Irakasleei mapaketari buruz emandako prestakuntza

Miribillako irakasleek partaidetzarako zenbait saiotan parte hartu zuten, ikasleekin eskolaren eta auzoaren mapaketa digitala egiteko tresnak eskuratu nahian. Mapaketa digitala ikasleekin edozein gai modu dibertigarri eta erakargarrian lantzeko aukera ematen duen tresna da, telefono mugikorrak erabiltzen direlako ikus-entzunezkoak eta digitalak diren zenbait eduki eta narrazio sortzeko.

Saioetan, mapaketa bateratuaren metodologia landu zen ikasgelako kulturartekotasuna zein dibertsitatea jorratzeko tresna pedagogiko moduan.

Lehenengo saioetan, “mapaketa bateratua” kontzeptua sakon aztertu zen irakasleekin, eta taldearentzat interesgarrienak ziren gaiak mapa fisikoen bidez formatu analogikoan ezartzen hasi ziren.

Mapaketa analogikoa egindakoan (hau da, paperean), ikus-entzunezko prestakuntza teknikoa egiteko garaia zen. Prestakuntzarako saio tekniko-teknikoak egin ziren, telefono mugikorra erabiltzeko praktikak egin ziren eta elkarrizketetarako gaiak garatu ziren (galderen zerrenda).

Amaitzeko, ikasitako guztia praktikan jartzeko eta euren mapaketa digitala egiteko gonbita egin zitzaien irakasleei.

 

 

Lehenengo urrats moduan, zehaztutako aktibo, pertsona, jarduera eta lekuetan eta lurraldean duten banaketan oinarritutako plangintza-ariketa egin zen, ahalik eta zati handiena estaltzeko eta ikastetxearen kokalekua den auzoaren ezaugarri bereizgarriak azaltzeko.

Azkenik, irakasleek mapaketa digitala egin zuten, eta, horretarako, auzoko kaleetara irten ziren, ikus-entzunezko edukiak sortzeko, elkarrizketak egiteko eta bizilagunen lekukotasunak biltzeko.

 

 

Euren prestakuntza amaitutakoan, ikasleei mapaketa digitala egiten laguntzeko prest zeuden irakasleak.

Ikasleekin egindako mapaketa digitala

Lehenengo fasean, xehetasunez antolatu zen nork, noiz eta nola egingo zuen mapaketaren zati bakoitza eta zer eremu, pertsona eta jarduera izango ziren helburu. Eskola osoa kontuan hartzen duen proiektua denez, garrantzi handia eman zitzaion mapaketa ikasleekin aurretiaz produzitzeko etapa horri. Guztiek argi eta garbi eduki behar zuten zein zen haien zeregina, Mirimapp arrakastatsua izatea nahi bagenuen.

 

 

Ikasleek irakasleek bezalako kontzeptuak landu zituzten arren, haien adinaren arabera egokituta zeuden metodologiak.

Ikasgelakako mapaketak

HAUR HEZKUNTZA

Haur Hezkuntzako ikasleek euren eguneroko jarduerak garatzen dituzteneko eremu fisikoa mapatu zuten. Hona hemen Haur Hezkuntzako ikasleen mapaketaren helburua: taldean bertan dagoen dibertsitatea erakustea eta ikasgelan lantzen diren jardueretan kulturartekotasunari ematen zaion garrantzia nabarmentzea.

3 eta 4 urteko ikasleek euren burua aurkeztu eta euren izena zein adina esaten dituzte kameraren aurrean. Ikasle batzuek euren edo familiaren marrazkia darabilte aurkezpenean. Era berean, audioak zein argazkiak ere badarabiltzate, euren burua aurkezteko eta euren izena zein den, zer adin duten eta norekin bizi diren esateko.

Horrez gain, 5 urteko ikasleek euren jardueren mapaketan Korrika balioesteko erabakia hartu zuten.

Era berean, euren ohiko jarduerak garatzeko duten eremua ere mapatu zuten. Argazkien bidez, ikasleek euren ikasgelak, liburutegia, psikomotrizitateko ikasgela eta beste eremu garrantzitsu batzuk mapatu zituzten.

Azkenik, Hasierako Hezkuntzako ikasleen familien jatorri anitzak balioesteko asmoz, ipuin-kontalarien tailerra egin zen. Bertan, ikasleen zenbait gurasok gainerako ikasleei “Beldar txiki jatuna” ipuina azaldu zieten euren ama hizkuntzan.

 

 

LEHEN HEZKUNTZA

Lehen Hezkuntzari dagokionez, lehen eta bigarren mailek eskola osoa mapatu zuten, eta hirugarren, laugarren, bosgarren zein seigarren mailek, ordea, auzoaren mapaketa digitala egin zuten.

LH1eko eta LH2ko ikasleei eskola mapatzea eta edukiak sortzea proposatu zitzaien, eremuak eurak, eremu horietan egiten diren jarduerak eta bertako arduradunak agerian jartzen laguntzeko.

Hartara, Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleek sortutako edukiei esker, badugu eskolako bazterrak zeharkatzerik eta ikastetxeko bertako langileak ezagutzerik.

LH3ko ikasleei haientzat interesgarriak ziren lekuak mapatzea proposatu zitzaien, eta, zer esanik ez, auzoko parkeak aukeratu zituzten. Mapaketako emaitza oso interesgarria da, neska-mutilek parkeak erakusten dituztelako eta, horrez gain, parkeko bertako elementuen ezaugarriak eta egoera ere aztertzen dituztelako; esate baterako, iturriak, eserlekuak…

 

 

Prestakuntza amaitutakoan, LH4ko eta LH5eko taldeek mapaketa antolatu zuten auzoko saltegietatik, erakusmahaiaren atzean dauden pertsonak ezagutzeko. Mapaketan, eskola inguruko auzoetako aberastasun eta dibertsitate kulturala jartzen da agerian.

 

 

Azkenean, LH6ko ikasleek auzoan aisialdiaren eta kirolaren arloan eskaintzen diren jarduerak mapatu zituzten.

 

 

Mapaketetako emaitzak webgune honetako “Mapaketa” atalean daude ikusgai.